Hontz handia Ipar Euskal Herrian

Hontz handia, hontz guziak bezala, estrigiformen familiakoa da. Euskal Herrian atxeman daitekezkeen hontzetarik handiena da.
Gaueko harrapakari honek mota askotako harrapakinak jan ditzake; mirua edo belatz handia bezalako harrapariak, bainan ere gatuak edo arratoi arrunta gisako mikrougaztunak.
Ikusmen ona du. Entzumen oraino hobea. Ihizin dabilalarik geldirik egoten da, beha, toki hautatu batean. Gero, hegaldi isil eta apal bati esker harrapakinak ustegabean harrapatzen ditu.
Emea neurri handikoa da, arra baino pixka bat handiagoa; 70 cm luzerakoa eta 1m70cm-rainokoa hego-luzerari dagokionez.

Hontz handia bere bizigunean, Euskal Herrian (argazkia: Alain Pagoaga)

Ipar Euskal Herrian ezagutzen diren espezie honen biziguneak malkartsuak dira, arkaitz handi edo ttipi batean kokatuak. Bikotea urte guzian toki berean egoten da eta biziki atxikia da bere ugalketako lurraldeari. Beste harrapari handi gehienek ez bezala xito anitz hazi ditzake urte guziz (guttienik bat, gehienik bost).

Hontz handiak ez du habiarik eraikitzen, eta arraultzeak zuzenean lurrean pausatzen ditu. Kafira halere biziki babestua da gehienetan, harpe batean kokatua edo arroka ertze batean emana, landerediak gordea.

Ipar Euskal Herrian errunaldia otsail erditsutan hasten da gehienetan bainan zonbait bikote goiztiarragoak dira eta abendu hondarreko edo urtarril hastapeneko errun dute. Urte guzian arratoi ugari izateak baldintzatuko luke goiztiartasun hori erreprodukzio zikloari begira.

Adibide gisa Saiak elkarteko kide batzuek ikusi izan dituzte apiril hastapenean ohantzetik airatzen ziren hontz gazteak beste bikote batzu erruten ari zirelarik oraino !

Inkubazio-aldiak 30/32 egun irauten du. Nolaz errunaldiak tartekatuak diren eta inkubazioa lehen arraultzetik hasten den xito zaharrenaren eta gazteenaren arteko aldea handia izan daiteke. Arranoen kasuan ez bezala, ez dago hemen kainismorik ; xito zaharrenak ez ditu bere ondokoak gaizki tratatzen eta hiltzen. Xitoak bi hilabete inguru egoten dira habian, lehen hegalaldia bururatu arte hain zuzen.

1990. urteak arte deus gutti bagenakien hontz handiaren egoeraz Ipar Euskal Herrian. Orduan ziren lehen bikoteak atxeman eta ikertu. Orduz geroztik Saiak elkarteak lan berezi bat darama espezie honen hobeki ezagutzeko bainan bada oraino lan. Ohargabean, gure ondoan segitzen baitu bizitzen, diskrezio osoz, nehor ohartu gabe, harrapari handia izanikan ere. Aurten segitua izan den bikotea horren adibidea da; hiri baten inguruan bizi daiteke hontz handia, baldin eta gogokoa duen eremu malkartsuaren bakea gizakiaren jarduerek ez badute eragozten.

Egilea: Alain Pagoaga – Saiak

 Xehetasunak: