Saiak elkartea
SAIAK irabazi asmorik gabeko elkartea da (1901eko frantses legearen araberakoa), interes amankomunekoa. Leon eta Jean Curutcharry-k sortu zuten Baigorrin (Baxenabarre), 1979an. Geroztik elkartea erroturik egon da beti Garazi eta Baigorri aldean, kide anitz bilduz eskualde horietan. Orotara 50 bat bazkidez osatua da gaur egun SAIAK.
Arrano sugejalea © Alain Pagoaga

Elkartearen zeregina

Orohar bioaniztasunaren zaintzeko xedearekin, xorien eta beraien biziguneen babesteko gisan lan egiten du SAIAK elkarteak:

  • Naturaren ezagutza baita jendartearen eta izadiaren arteko kultura trukaketak bultzatuko dituzten ikerketak eramanez
  • Sentsibilisazio ekintzak eta tokian tokiko inbentarioak segurtatuz

Hala eta guztiz ere xori harraparien eta beraien biziguneen aldeko ekintzak daramatza bereziki SAIAK-ek lurraldeko eragileen arteko trukaketaz errextuz.

Bide batez, honela, bioaniztasuna zaintzen eta baloratzen parte hartu nahi du, azken finean natura eta kultura ondarearen transmisioan eraginez.

1980 eta 1990.eko hamarkadetan SAIAK-ek komunikazio, informazio eta dibulgazio ekimenak burutu ditu, hemengo laborariei eta nagusiki ikasleei zuzenduz.
Hortarako erakusketak eta mintzaldiak antolatu ditu eskoletan eta oporguneetan, programa bereziren baitan.
Animazio horiek kideek edo zerbitzu zibikoa elkartean egiten zuten langileek beren gain hartzen zituzten.
2004an aipatzekoa da SAIAK-ek Artzaingoaren etxearen animazioan (Irati) parte hartu zuela, erakusketa bat eskainiz eta bisita gidatuak segurtatuz.

Gaur egun elkartearen funtsezko lana ondoko espezieen kondaketan eta segipenean oinarritzen da: ugatza, sai zuria, sai arrea, arrano beltza, hontz handia, belatz handia.
Halere, gaur egun eramaten ditugun ekintza gehienak ugatza, sai zuria eta sai arreari begira bideratuak dira Frantziar estadoaren mailako plan berezi batzuen baitan, estadoak berak, Europar Batasunak edo lurraldeko elkargoek diruztaturik.

Funtzionamendua

Elkartearen lana espezie-koordinatzaileek antolatzen dute.
Ondoko espezie bakoitzak bere koordinatzailea dauka: ugatza, sai zuria, sai arrea, arrano beltza, belatz handia, hontz handia.
Koordinatzaileak behaketei esker bildu informazioak batzen eta artxibatzen ditu. Prospekzioak antolatzen ditu eta espezie bakoitzari dagozkion bilkuretan parte hartzen du.
Estado mailako planen arabera segituak diren espezieentzat (ugatza, sai zuria eta sai arrea) SAIAK-ek bere kideek egin behaketen berri ematen dio Akitania Berriko DREAL erakundeari (Frantziako Ingurumen ministeritzaren delegazioa), azken honek datu horiek txertatzen dizkielarik koordinatzen dituen europar, nazioarteko edota tokian tokiko programei.

Elkartearen ekintza nagusiak

Harrapari handien kondaketa eta erreprodukzioaren segipena

Lan horiek populazioen eboluzio demografikoaren segitzea dute helburu (emendatzeak, apaltzeak edota egonkortasunaren neurtzeko).

Zientzialariek finkatutako protokoloaren araberako datu-bilketa horrek espezien kontserbazio egoera zehazten laguntzen du,

Urtez urte SAIAK elkateak jakinduria handia gorde ahal izan du tokiz toki egindako behaketei esker. Parerik gabeko esperientzia honetan bermatuz Ipar Euskal Herriko harraparien populazioen egoeraren ebaluaketaren eta azterketaren egiteko gai gira.
Oroitaraz dezagun 1979an lehenak izan girela gure lurraldean sai arreen inbentoriak abiarazten.
Geroztik urtero burutu dira, lagin modura, hautatutako leku jakin batzuetan.

Ipar Euskal Herriko sai zurien bi lotegietan kondaketak

1991. urteaz geroztik egiten ditu SAIAK-ek kondaketa horiek ONCFS erakundearekin partzuergoan, Hegalaldia elkartea eta behatzaile independenteak partaide.
2005ean bigarren lotegi bat aurkitua izan zen, lehenetik 7 kilometrora.

“Iparraldeko sai zurien lotegiak: jarraipen telemetrikoa” izeneko egitasmo bat eramaten dugu une honetan hainbat erakunderen laguntzarekin: Euskal hiri elkargoa / Leader Euskal mendia, Akitania Berriko eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua, CGET Pirinioak eta DREAL Akitania Berria.

Ugatzarendako neguko bazkaguneak (1994-2018)

Bazkatze horiek “Hezur hausle – Casseur d’os” sarearen baitan gauzatu dira (FIR lehenik eta ondotik “Pirinioak bizirik – Pyrénées vivantes” / LPO koordinakundeak kudeaturik).
“Life Ugatza 1994” programaren haritik helburu desberdinak zituen:

  • Xori gazteak erakartzea eta neguko biziraupenaren lauzkatzea Iparraldean bazka bilketa errextuz
  • Populazioaren emendatzea egokiak zitezkeen eremuetan bikote berriak kokaraziz
  • Erreproduzitzeko zailtasunak zituzten bikoteen ugalketarako gaitasunaren sendotzea

Gure lurraldeari zegokionez helburu nagusia bertan erreproduzitzen ziren bikoteen laguntzea zen, janaria segurtatuz, erregularki.

Arrano beltza Ipar Euskal Herrian

10 urteko behaketei eta erreprodukzio segipenari esker harrapari horren ugalketarako parametroak eta elikatze-ohiturak hobeki ezagutzen ditugu orain.

Eraztunak jartzen sai zuri gazteei

2018an hasi den ekintza hau proba gisa burutu da ondoko urratsetako metodologiaren finkatzeko eta behar logistikoen finkatzeko. 2019an gauzatuko da egiazki.

Artikuluak ornitologia aldizkarietan edota argitalpen berezietan

Hainbat artikulu argitaratu ditugu.

Jakinduria partekatzen sentsibilisazioa bultzatuz

Ipar Euskal Herriko harrapari desberdinen segipen zientifikoaz gain SAIAK-ek betidanik nahi izan ditu tokian tokiko jendeekin eta nolaz ez laborariekin harremanak atxiki, jakintzen partekatzeko eta informazioen trukatzeko.
Nahi hori dela-eta parte hartzen dugu mendiaz egin daitezkeen erabilpen anitzen inguruko eztabaidetan. Hori dena jakinez giza-ihardueren biderkatzea (artzaintza, turismoa, kirolak, ihizia…) eta bioaniztasunaren babestea ez datozela bat askotan eta erabiltzaile desberdinenen arteko gatazkak sor daitezkeela.

Izan zaitez kide!

Saiak elkarteko kide izanez, parte hartzen duzu Euskal Herriko ondare naturalaren zainketan eta, bide beretik, harraparien mundu harrigarria hobeki ezagutzeko parada duzu.

Pin It on Pinterest

Hau partekatu