Harrapariak eta jendartea
Harraparien eta jendeen arteko harremanen aztertzea ez da gauza errexa. Dena ikastekoa dugu oraino alde horretatik.
Arrano sugejalea © Alain Pagoaga

Beste zibilizazio eta garai batzuetan gertatu izan den bezala, Euskal Herrian ere, harrapariek haundizki markatu dituzte jendearen gogoak, bereziki artzainenak, hauek baitziren gehienik harremanetan harrapari haragijaleekin. Claude Dendaletche biologistak dionez, “txori horiek, beren bizimolde eta jarreren bidez, eragin dituzte hainbat sineste eta errito… Izan ere zein xorik adieraz lezake saiak baino hobeki errealitate hau : heriotzak du bizia ahalbidetzen.”

Xiberuko parte menditsuenean, kausi zitezkeen kantu harrigarri batzuk, hitzik gabekoak, “basa ahaideak” deituak, harraparien hegalaldiak itxuratzen zituztenak. Kantu horietarik bi ezagunenak : “Belatxa” eta “Arranoa”. Bildu diren lekukotasunen arabera, kantu horiek adierazten dute jendearen gogoa hegaldatzeko zeruan, aipatu harraparien moldean.

Alabainan, harrapari horiek Euskal Herrian ere, beste tokietan bezala, irudi, aurreiritzi , itxura eta sineste ezkor eta txarren biktimak izan dira; hori dela eta, jendearen mendekua ere sufritu dute. Harrapari zenbait ihiztatuak eta hilak izan dira, argazki zahar zenbait lekuko ditugu Larrun aldean egin sarraskiez.

Sarraski horiek ez zitzaizkien bakarrik kanpotik etorri ihiztariei zor, dudarik gabe. Txomin Peillen etnologoak, Xiberuko ihizi ohiduren inguruko lanetan dionez, belatzak, gabiraiak eta miruak harrapatuak izaten ahal ziren edo tirokatuak, bainan aldiz, tokiko jendeek ez zituzten ihiztatzen ez arrano ttipi ez haundiak, ez saiak ez eta ere sai xuriak. Zoritxarraren beldurrez bainan oroz gainetaik xori horiek artzainen lagunak baitziren. Jean Baratçabal, Arbailetako mende hastapeneko artzain xiberotarrak azpimarratzen du harraparien balioa : “saiak itzulika ibiltzen dira zeruan, abere hil edo eria seinalatu. Horrela, aberea atxeman eta bordara eramaten ahal dugu bizkarrean.”

Gaurko egunean, izadiaren babesaren marko juridikoaren aplikapenak eta ingurumenari buruzko arrangurak eragin zuzena dute gizona-harraparia harremanen baitan. Lehen, harrapariak beldurgarriak izaten baziren, mespresatuak, gaurregun babestuak dira, eta hori, berez, gauza ona da xorien zaintzeko eta beren garapenerako. Hala ere, garrantzitsua da txori horiek euskal mendietako ondare gisa ikusiak izan daitezen. Zainketa ahalbidetu eta errextuko lukeen giza-berenganatze prozesu baten gauzatzeko beharrezkoak direlarik euskal mendietako eragile sozio-ekonomiko guzien elkarlana eta gazteen sentsibilizazio eta hezkuntza.

Pin It on Pinterest

Hau partekatu