Sai arrea
Sai arreak harrapari haratusteljaleak dira. Hegaldari trebeak, hamarka kilometro egin ditzakete, indarrik egin gabe, aire beroen bitartez aireetan iganez. Taldean bizi da eta horretaz baliatzen da bere janariaren atxemateko: sai batek kabala hila atxeman orduko beste anitz juntatuko zaizkio urrunetik jinik ere.
Sai arrea © Alain Pagoaga

Beren moko azkarrekin haratustelen larrua urratzen dute. Beren lepo luze eta larrutuari esker, ginarriak eta erraiak jaten dituzte. Hierarkiarik ez da, gosetuena da lehenik hasten. 50 sai-arreek 15 minuta aski dituzte 65 kiloko ardi karkasa baten osoki puskatzeko.

Sai arreak desagertzeko zorian egon dira Frantzia aldean 1970 aldean. Pirinioetan beiratuak dira gaurregun; Alpeetan eta erdialdeko mendigunearen hegoaldean berriz sarrarazi dituzte; neurri guzi horieri esker sai-arreen kopurua goiti doa azken 40 urte hauetan.

Espainian bere populazioen gorakadak izigarria izan dira abeltzaintza intensiboak eragindako haragi-ondarkin biltegiengatik. Saiak janari-iturri honi sobera lotuak egon dira. Pentsatzekoa zen bezala biltegi horien hestea pairatu dute Europako erkidegoak, kabala hilen inguruko kudeaketa-araudiak aldatu dituenean, haragi-ustela biltegi guziak debekatuz, nekazaritza intensibotik eta ohikotik (mendialdeko artzaintza…) zetozenak bereizi gabe. Gosetiarengatik kopuru-apaltze handiak gertatu dira anitz kolonietan eta sai batzuk ikusiak izan dira itxura guzien arabera ahuldurik bainan bizirik ziren kabalak erasotzen (erditze garaian batez ere).

Alta ez dirudi saien jokamoldea aldatu denik; ez dira egunetik egunera arrano beltzaren atzaparrez jantzi eta sarraskijalea hutsak dira oraino, ez ihiztariak.

Sai arreen geroa zalantzan emana badago gaurregun oroitu behar litzateke mendez mende artzainek eta saiek jakin izan dutela elkarrekin bizitzen, eta laborantza tradizionalaren eta naturaren arteko orekan datzala dudarik gabe aterabidea.

Argazkiak

Nortasun agiria

Izen zientifikoa: Gyps fulvus
Euskara: Sai arrea
Frantsesa: Vautour fauve
Gaztelera: Buitre leonado
Inglesa: Griffon vulture
Handitasuna: 85 – 105 cm
Hego-luzera: 2m40 – 2m80
Pisua: 6,2 – 8,5 kg

Kontserbazio egoera: Babestua den espeziea. Frantziako zerrenda gorrian, mehatxatuak edo zaintzekoak diren harraparien artean agertzen da. “Arriskuan” diren espezieen artean sailkatua.

Pin It on Pinterest

Hau partekatu