Harremana | RSS | Changer de langue >>Français

Ugatza (argazkia: Alain Pagoaga)

Pirinioetan, ugatzak 360 km² inguruko eremu zabal batean bizi dira, gehienetan bikoteka. 30 urte arteko bizi iraupena ukan lezakete. Beren papo-lumaren kolorea burdin putzu lohitsuetan egiten dituzten bainuetatik datorkie.

Hegazti honek duen hiru metrotarainoko hedadurarengatik Europako txori harrapari handienetariko bat da. Eta mehatxatuena da ere: 2008. urtean 29 bikotek osatzen zuten Ipar Pirinioetako populazioa, 100 inguruk hegoaldekoa, 160 bikote zenbakituak zirenean Europa osoan.

Pirinioetako beste saiak bezala, ugatza beharrezkoa da mendietako kabala hilak desagerarazten baititu, ingurumena nolazpait garbituz. Beste harrapari nekrofagoek ez bezala, ugatzak janmolde arras berezia du. Gauza harrigarria hezurdun batentzat : bere janariaren %90 ungulatu basa edo hezi hiletan hartu hezur, pata, zain, estekaz egina da. Apairuen prestatzeko, xeheki eta denbora hartuz aritzen da ugatza, eta teknika bitxia erabiliz : hezurrak hausten ditu. Hezur zati larriak zati ttipietan hausten ditu. Horrela, bere zintzur elastikoak errexkiago irets dezazke. Hezurjale hau janari kateko azken katea da.

Ugatzaren papo-lumen koloreaz egin erreportaia (Iturria: Pyrénées Vivantes)

Heldua denean, ugatza bikotean jartzen da eta eremu batean finkatzen. Hamar urte bete beharko ditu erreprodukzioa edo ugalketa ongi kausitzeko.

Larrazkeneko erakustaldi eta amodio garaitik landa, bikotea 600 eta 2100 metra arteko erliebe aldapatsuetan kokatzen da. Adarxkaz eta artilez egin ohantzean (kafiran) arraultze bat edo bi erruten ditu emeak. Arra eta emea kolokan egoiten dira, aldizka, bi ilabetez. Ume bat bakarrik atxikia da eta hazia ; lau hilabetez ohantzean egon eta, airatuko da.

Udan, ugatz gaztea airatzen hasten da, hilabete batzuez oraindik helduen meneko egonez. Ugalketa sasoi berri bat hurbiltzen denean, bere aitamek laguntzen dute berenganik bereizten. 5-7 urtez, ugatz gaztea han hemenka dabila Pirinio kate osoan.

Azken urte hauetan populazione honen arraberritzeak apaltze kezkagarria ezagutu du eta Euskal Herrian desagertzeko zorian dago. Programa bereziak martxan ezarri dituzte, bai Alpeetan, bai kortsikan, bai Pirinioetan, ugatzaren zaintzeko.

Nortasun agiria

Izen zientifikoa: Gypaetus barbatus
Euskara: Ugatza
Frantsesa: Gypaète barbu
Gaztelera: Quebrantahuesos

Inglesa: Bearded vulture
Handitasuna: 1m – 1m15
Hego-luzera : 2m65 – 2m85
Pisua : 4,5 – 7.1 kg

Kontserbazio egoera: Babestua den espeziea. Frantziako zerrenda gorrian mehatxatuak edo zaintzekoak diren harraparien artean agertzen da, “Arriskuan” diren espezieen artean sailkatua.

Argibide gehiago: