Aurélien Andrérekin egin genuen elkarrizketaren berri ematen dugu hemen (elkarrizketa bera frantsesez egin zen).

Zerk eraman zaitu Frantziako Nantes herritik Ipar Euskal Herrirar lan egitera?

1987an sortua, nire haurtzaroa Nantes aldean iragan nuen. Betidanik maitatu izan dut natura eta nire batxilergoa Laborantxa eskola batean egin dut. Ondotik biologian egin nituen ikasketak, Vendée departamenduan. Euskal Herria ezagutu nuen lizentzia baten egitera Angelura etorri nintzelarik. Berehala ohartu nintzen aukera paregabea zela hemen bizitzea, are gehiago naturazale batentzat: dena duzu eskura, itsasoa, mendia, larreak… Organbidexkako lepora joan nintzen xorien migrazioaren behaketetan parte hartzera eta xori harraparientzat dudan zaletasuna han nuen kausitu.

Nantes-era itzultzerakoan zonbait ikerketa eraman nituen, arrano sugejalearen inguruan besteak beste. Ez zuen fitxik ikustekorik Euskal Herriko xorien aniztasunarekin konparatzen bada baina baliagarri izan zitzaidan esperientzia gisa. Natura hezitzaile gisa aritu naiz ere karia hortara.Iparraldera itzultzean, 2009an, Saiak elkarteko Jean-Luc Gonzalez “Bijou” eta Isabelle Rebours ezagutu nituen Organbidexkan. Saiak elkarteak bolondres motibatu batzu bilatzen zituen neguko prospekzioen segurtatzeko. Harraparizale izanik horrelako elkarte batean aritzeko nahia banuen. Ugatza, Hontz handia, Arrano beltzak… Horien ondotik ibili nintzen negu guzian.

Zer izan da zure lana Saiak elkartean?

Badu 25 urte baino gehiago Saiak elkarteak prospekzioak antolatzen dituela Ipar Euskal Herriko harrapariak hobeki ezagutu nahiz. Eta ez da batere errexa sai zuria bezalako harrapari baten ugalketa segitzea Iparraldeko hiru probintzietan. Horregatik elkartearen asmoa pertsona baten kontratatzea zen epe mugatu batez, udaberrian aritzeko segimendu horren egiten. Nire lehen betebeharra sai zurien habiak atxematea eta segitzea zen. Baina Iparraldean erreproduzitzen diren beste harrapari espezie batzu ikertu izan ditut ere lehentasuna emanez arrano beltzari, miru gorriari eta hontz handiari. Azkenik aurtengo Iparraldeko ugatz xito bakarra segitu dut ere.

Bizi izan naiz furgoneta batean: honek autonomia handia eman dit toki batetik bestera joateko, eta eguraldiaren arabera antolatzeko. Aro ederra zeno lan egiten nuen. Eta txartzen zelarik pausatzen (hau soberaxko gertatu da aurten nere gustuko!). Asteburuetan Bijou eta Isabellekin mendian elkartzen ginen beste prospekzio batzuen eramaiteko. Une biziki goxoak bizi izan ditugu.

Lana bera bi fasetan banatu da: prospekzioa egin ondoan zetorren jarraipena. Lehenik sai zuriak gustukoak dituen biziguneetan egiten ditugu bilaketak, historikoki baliatuak izan diren kafira-guneak kondutan hartuz. Bikote bat ikusten bazen eremu batean, habia aurkitu eta, segipena hasten zen. Xoriak erreproduzitzen ote ziren Errun ote zuten? Xito bat baino gehiago hazten ote zuten? Pazientzia eta eskarmentu pixka bat eskatzen duen lan bikaina da, zinez.

Zer ekarri dizu esperientzia honek?

Nire lehen kontratu profesionala izan da naturalista gisa eta zinez zazpi ahalak egin ditut ahalik eta hobekien burutzeko. Gauza frango ikasi dut, arloa profesionalean baina ere pertsonalean. Nitaz diot… Egunak luzeak baitira mendian eta gogoetatzeko aproposak.Bijouk eta Isabellek anitz lagundu naute; badakite harraparien joan-jinak eta usaiak interpretatzen. Arruntak diruditenak ere, ulertzeko ezinbestekoak direnak alta gure lanaren aitzina eramateko.

Bestalde sustengatu nauten Saiak elkarteko guziak eskertu nahi ditut ere. Batzuk aterpetu bainaute eta beste batzu kondaketa lanetan lagundu.Elkartasun honek bere ondorioak ditu: aurten 20 bikote segitu dira Iparralde osoan. Ez zen sekulan hainbeste bikote zenbatu. Itxaropena dut sai zurien populazioa mantenduko eta garatuko dela Iparraldean ondoko urteetan.

Gehiago jakin

Pin It on Pinterest

Hau partekatu