Uztaritzera eramana izan aitzin Tarbes herriaren ondoan artatua izan da. Biziki mehatua zen orduko (3,9kg pizatzen zuen 5-7kg-rn ordez) eta hipotermia egoeran zen. Ezkerreko patan atsesa handi bat bazuen. Ez da hausturik agertu erradiografietan eta antibiotoak emanak izan zaizkio. Uztaritzera heltzean 4,2 kg-ko pizua zuen. Momentukotz ezin da deus iragarri bere osasun egoeraz. Seguraski asteak iraganen dira ugatza airatuko denetz jakin aitzin.
Ugatz zauritu bat ez da jostagailu bat!
“Depêche du Midi” egunkarian argitaratu den argazki batek ugatza perfusiopean erakusten du, kaiola ideki batean, Florence Mathieu marexala ondoan duela (France 3 telebista kateak ere horrelako irudiak hedatu zituen). Zauritua izanikan ere xori hori basa egoten da beti eta horrelako egoerek eragiten dioten estressa azpimarratzekoa da.
Nahiz eta beharrezko iduritzen zaigun komunikabideek ugatzen egoeraz arduratzea, Saiak elkartekoek deitoragarritzat dugu xori hori molde horretan agertu izana prentsa aitzinean.
2008. urtea, urte beltza ugatzarentzat
Heriotzak Europan 2008an (xitoen heriotze-tasa kondutan hartu gabe):
- 3 Andaluzian (kanpotik Andaluziara ekarriak izan ziren gazteen artean ez zen 2006tik hona heriotzik zenbakitu)
- 3 Sardinian (kanpotik ekarri ziren hiru ugatz gazteak pozoindaturik aurkituak izan dira, askatuak izan eta bi hilabete berantago…)
- 1 Suitzian (gazte bat, berunarekin pozoindatua seguraski)
- 3 heldu Aragoian
- 2 heldu Katalunian
- 2 heldu frantse Pirineoetan
Orotara Pirineoetan 7 heriotze (6 heldu eta gazte bat) zenbakituak izan dira 2008an. Sardiniara ugatzak kanpotik ekartzeko prozesuak ezagutu duen porrotak eta Andaluziako edota Pirineoetako heriotze-tasa altuak argi erakusten dute, epe luzera, ugatzaren geroa zalantzan dagoela. Jakinez gainera ez direla hiltzen diren xorien kopuru mugatu bat baizik atxematen. Errealitatea dorpeagoa izan daiteke oraino…
Iturria: Réseau Casseur d’os – Martine Razin (Circulaire n°51)