2008/12/19 | Espezie segipena
Hiru egunez Kanbon gaindi egon omen da ugatza, arras ahuldua, Uztaritzeko Hegalaldiko elkartekoek bildu arte.
Artatze zentrora heldu orduko pizatua izan da ; 3, 710 kg egiten zituen orduan. Osagarri onean dagoen heldu baten batez besteko pizutik urrun beraz (6 kg). Artatua izan den arren azaroaren 17an zendu da xoria. Emea zen.
Frantziako LPO erakundeak (Xorien Babeserako Liga) bere gain hartu du ugatzaren autopsia. Mementuz ez dira heriotza eragin duten arrazoinak argitu. Analisia ekotoxikologikoak bururatuak izanen dira ondoko egunetan.
1994az geroztik, Europan gaindi, berreskuratze programa asko eramanak dira ugatzaren geroaren segurtatzeko. Frantses pirineoetan, Estadoak 1997an abiatu zuen programa LPO erakundeak kudeatzen du, tokian tokiko 50 partaideren laguntzaz. Saiak elkartea eragile horietariko bat da, bere gain hartzen duelarik Ipar Euskal Herriko ugatzaren populazioaren segimendua.
Xehetasunak
2008/11/19 | Espezie segipena
Orotara 19 ugaltze gune ikertuak izan dira, Lapurdi, Nafarroa-Behere eta Zuberoako mendialdeetan, gehienak Baxe-Nafarroan kokatuak zirenean.
– Ugaltze gune hutsak : 4
– Ugaltze gune baliatuak : 15
– Airatu den xito bat ukan duten bikoteak : 8
– Errun duten bikoteak ugaltzea bururaino eraman gabe : 1
– Errun duten bikoteak bainan zeinentzat ez den argi ugaltzea bururaino eraman dutenez : 3
– Errun ez duten bikoteak : 3
Ipar Euskal Herriko sai zurien populazioak egonkor dirudi bainan halere espeziea mehatxatua dago beti kopuruak apalak izanik. Gogoaraz ditzagun sai zuriak orokorki pairatzen dituen mehatxuak : janariaren desagerpena (ondarkintegien edo haratustelak metatzen diren guneen desagerpena), ugaltze guneetan gizakiak eragindako trabak (eskalada, parapentea..), negutze eskualdeko heriotze-tasa (Afrika Subsahariarrean), nahitara egindako pozointzeak…
Euskal Herriko beste probintzien datuak 2008an:
– 19 bikote Bizkaian
– 18 Araban
– 9 Gipuzkoan
– 140 bikote inguru Nafarroan
Frantzian 75 bikote zenbakituak dira zeinetatik 60 Pirineoetan.
Xehetasun gehiago :
2008/10/19 | Espezie segipena
2007-2008 sasoia denen gogoan da oraino: aspaldiko partez, bi ugatz gazte airatu ziren habietatik.Bazuen bederen hamar urte ez zela horrelakorik gertatu Iparraldean. Gehienetan dena ongi iragaiten denean gazte batek lortzen du airatzea beraz pentsa…bi!
Halere ugatza desagertzeko zorian dago oraino Euskal Herrian.
2008/09/19 | Komunikazioa
Organbidexa Col Libre elkarteko lagunek bide horretatik doatzi azken urte hauetan eta aurten batez ere “Transpyr 2008” izeneko ikerketa programaren karietara, honen 30. urteurrena ospatzen delarik.
2008ko uztailaren 15ean Organbidexko lepoan (Irati) hasi duten pasaiako xoria udazkeneko migrazioaren ikerketak oihartzun berezia badauka interneten, Frantziako Xorien Babeserako Akitaniako Ligaren laguntzaz (LPO), Eskualdeko Xorien Migrazioaren Behatokiaren ildotik ibiliz. Izan ere egunez egun hegaztien kondaketen berri ukaiten ahal dahttp://www.migraction.net gunean, lepoan berean eguzki energiarekin dabilen satelitearen bidezko komunikazio sistema bati esker. Segimendu hori azaroaren 15ean bururatuko da.
Beste maila batean, Nafartar natura elkarteko hainbat kidek et bolondresek beren behaketen berri emten dute ere sarearen bidez. Gorosti elkarteko gune bereziari behako bat eman iezaiozue: elkarteko ornitologoek Lindus aldeko lepoan (Orreaga) egindako argazkiak eta datu-bilketak biltzen dituzte bertan: http://www.aveslindux.blogspot.com.
Migrazioa baino haratago so eginez Frantziako Xorien Babeserako Akitaniako Ligak publiko zabalari zuzentzen duen datu-base naturalista sareratu du berriki. Zientzia-partehartzailearen printzipioan oinarrituz norberari bere behaketen berri emateko parada ematen dio, denentzako eskuragarri izan daitezen. Tresna horrek Akitania eskualdeko bidodibertsitatearen erakusleihoa bilakatu beharko luke ondoko hilabeteteetan baita hainbat naturalisten ezinbesteko lanabesa; http:// www.faune-aquitaine.org . Adibide baten aipatzeko Akitanian ugaltzen diren xorien atlasa sareratu dute osoki.
Saiak elkarteko kideok ere gure datu-base propioa garatuko dugu ondoko hilabeteetan… zuen laguntzarekin!
2008/08/19 | Komunikazioa
Webgune honek Saiak elkarteko ekintzen eta nahikarien miraila izan nahi luke. Ez da haatik aise 30 urtez anitz bolondresek eta langilek eraman duten lan emankorraren bildumaren egitea. Badakigu ere Iparraldean ikusten diren harraparietaz anitz badela oraino idazteko, biologiaren inguruko kontuetaz bereziki, eta hemen agertzen diren espezie zonbaitzuen fitxak osatzeko direla. Ahaleginduko gira horien aberastera, urratsez-urrats.
Hala eta guztiz ere webgune hau ez da nagusiki gai horretaz jakintsuak diren jendeei zuzendua baizik eta Euskal Herriko biztanleei, gure lehen helburua tokian tokiko jendearen arreta, interesa piztea baita.
Gure elkarteko argazkilari trebeek egin argazki zoragarri zonbaitzuek zonbait bokazio sorrarazten ahal balituzte, hainbat hobe! Saiak elkarteak kide berriak behar ditu, kemenez eta jakingosez beterikoak aitzinekoek eraman obraren iraunarazteko.
Zuen oharrak gogotik hartuko ditugu baita zuen ekarpenak ere bai!