Aurélien Andrérekin egin genuen elkarrizketaren berri ematen dugu hemen (elkarrizketa bera frantsesez egin zen).
Zerk eraman zaitu Frantziako Nantes herritik Ipar Euskal Herrirar lan egitera?
1987an sortua, nire haurtzaroa Nantes aldean iragan nuen. Betidanik maitatu izan dut natura eta nire batxilergoa Laborantxa eskola batean egin dut. Ondotik biologian egin nituen ikasketak, Vendée departamenduan. Euskal Herria ezagutu nuen lizentzia baten egitera Angelura etorri nintzelarik. Berehala ohartu nintzen aukera paregabea zela hemen bizitzea, are gehiago naturazale batentzat: dena duzu eskura, itsasoa, mendia, larreak… Organbidexkako lepora joan nintzen xorien migrazioaren behaketetan parte hartzera eta xori harraparientzat dudan zaletasuna han nuen kausitu.
Nantes-era itzultzerakoan zonbait ikerketa eraman nituen, arrano sugejalearen inguruan besteak beste. Ez zuen fitxik ikustekorik Euskal Herriko xorien aniztasunarekin konparatzen bada baina baliagarri izan zitzaidan esperientzia gisa. Natura hezitzaile gisa aritu naiz ere karia hortara.Iparraldera itzultzean, 2009an, Saiak elkarteko Jean-Luc Gonzalez “Bijou” eta Isabelle Rebours ezagutu nituen Organbidexkan. Saiak elkarteak bolondres motibatu batzu bilatzen zituen neguko prospekzioen segurtatzeko. Harraparizale izanik horrelako elkarte batean aritzeko nahia banuen. Ugatza, Hontz handia, Arrano beltzak… Horien ondotik ibili nintzen negu guzian.
Zer izan da zure lana Saiak elkartean?
Badu 25 urte baino gehiago Saiak elkarteak prospekzioak antolatzen dituela Ipar Euskal Herriko harrapariak hobeki ezagutu nahiz. Eta ez da batere errexa sai zuria bezalako harrapari baten ugalketa segitzea Iparraldeko hiru probintzietan. Horregatik elkartearen asmoa pertsona baten kontratatzea zen epe mugatu batez, udaberrian aritzeko segimendu horren egiten. Nire lehen betebeharra sai zurien habiak atxematea eta segitzea zen. Baina Iparraldean erreproduzitzen diren beste harrapari espezie batzu ikertu izan ditut ere lehentasuna emanez arrano beltzari, miru gorriari eta hontz handiari. Azkenik aurtengo Iparraldeko ugatz xito bakarra segitu dut ere.
Bizi izan naiz furgoneta batean: honek autonomia handia eman dit toki batetik bestera joateko, eta eguraldiaren arabera antolatzeko. Aro ederra zeno lan egiten nuen. Eta txartzen zelarik pausatzen (hau soberaxko gertatu da aurten nere gustuko!). Asteburuetan Bijou eta Isabellekin mendian elkartzen ginen beste prospekzio batzuen eramaiteko. Une biziki goxoak bizi izan ditugu.
Lana bera bi fasetan banatu da: prospekzioa egin ondoan zetorren jarraipena. Lehenik sai zuriak gustukoak dituen biziguneetan egiten ditugu bilaketak, historikoki baliatuak izan diren kafira-guneak kondutan hartuz. Bikote bat ikusten bazen eremu batean, habia aurkitu eta, segipena hasten zen. Xoriak erreproduzitzen ote ziren Errun ote zuten? Xito bat baino gehiago hazten ote zuten? Pazientzia eta eskarmentu pixka bat eskatzen duen lan bikaina da, zinez.
Zer ekarri dizu esperientzia honek?
Nire lehen kontratu profesionala izan da naturalista gisa eta zinez zazpi ahalak egin ditut ahalik eta hobekien burutzeko. Gauza frango ikasi dut, arloa profesionalean baina ere pertsonalean. Nitaz diot… Egunak luzeak baitira mendian eta gogoetatzeko aproposak.Bijouk eta Isabellek anitz lagundu naute; badakite harraparien joan-jinak eta usaiak interpretatzen. Arruntak diruditenak ere, ulertzeko ezinbestekoak direnak alta gure lanaren aitzina eramateko.
Bestalde sustengatu nauten Saiak elkarteko guziak eskertu nahi ditut ere. Batzuk aterpetu bainaute eta beste batzu kondaketa lanetan lagundu.Elkartasun honek bere ondorioak ditu: aurten 20 bikote segitu dira Iparralde osoan. Ez zen sekulan hainbeste bikote zenbatu. Itxaropena dut sai zurien populazioa mantenduko eta garatuko dela Iparraldean ondoko urteetan.
“Saiak elkarteak 30 urte” dokumentala Arrosan kokatua den “Aldudarrak Bideo” elkarteko kide batzuen ekimenari esker ekoiztua izan da eta www.kanaldude.org herri telebistaren bidez hedatua.
Helburua Saiak elkarteak azken 30 urteotan eraman lanaren berri ematea zen, publiko zabalari pentsatuz bereziki. Bi hizkuntzan (euskaraz eta frantsesez) egin elkarrizketa batzutan oinarrituz eta mendian filmatu harraparien irudiekin apainduz.
Emaitza anitzen gustukoa izanen dela espero dugu! Milesker Pantxika Maitia-ri (Kanaldudeko koordinatzailea), Nadine Felix-ri (irudiak) et Eki Pagoaga-ri (muntaketa).
Hontz handia, hontz guziak bezala, estrigiformen familiakoa da. Euskal Herrian atxeman daitekezkeen hontzetarik handiena da.
Gaueko harrapakari honek mota askotako harrapakinak jan ditzake; mirua edo belatz handia bezalako harrapariak, bainan ere gatuak edo arratoi arrunta gisako mikrougaztunak.
Ikusmen ona du. Entzumen oraino hobea. Ihizin dabilalarik geldirik egoten da, beha, toki hautatu batean. Gero, hegaldi isil eta apal bati esker harrapakinak ustegabean harrapatzen ditu.
Emea neurri handikoa da, arra baino pixka bat handiagoa; 70 cm luzerakoa eta 1m70cm-rainokoa hego-luzerari dagokionez.
Hontz handia bere bizigunean, Euskal Herrian (argazkia: Alain Pagoaga)
Ipar Euskal Herrian ezagutzen diren espezie honen biziguneak malkartsuak dira, arkaitz handi edo ttipi batean kokatuak. Bikotea urte guzian toki berean egoten da eta biziki atxikia da bere ugalketako lurraldeari. Beste harrapari handi gehienek ez bezala xito anitz hazi ditzake urte guziz (guttienik bat, gehienik bost).
Hontz handiak ez du habiarik eraikitzen, eta arraultzeak zuzenean lurrean pausatzen ditu. Kafira halere biziki babestua da gehienetan, harpe batean kokatua edo arroka ertze batean emana, landerediak gordea.
Ipar Euskal Herrian errunaldia otsail erditsutan hasten da gehienetan bainan zonbait bikote goiztiarragoak dira eta abendu hondarreko edo urtarril hastapeneko errun dute. Urte guzian arratoi ugari izateak baldintzatuko luke goiztiartasun hori erreprodukzio zikloari begira.
Adibide gisa Saiak elkarteko kide batzuek ikusi izan dituzte apiril hastapenean ohantzetik airatzen ziren hontz gazteak beste bikote batzu erruten ari zirelarik oraino !
Inkubazio-aldiak 30/32 egun irauten du. Nolaz errunaldiak tartekatuak diren eta inkubazioa lehen arraultzetik hasten den xito zaharrenaren eta gazteenaren arteko aldea handia izan daiteke. Arranoen kasuan ez bezala, ez dago hemen kainismorik ; xito zaharrenak ez ditu bere ondokoak gaizki tratatzen eta hiltzen. Xitoak bi hilabete inguru egoten dira habian, lehen hegalaldia bururatu arte hain zuzen.
1990. urteak arte deus gutti bagenakien hontz handiaren egoeraz Ipar Euskal Herrian. Orduan ziren lehen bikoteak atxeman eta ikertu. Orduz geroztik Saiak elkarteak lan berezi bat darama espezie honen hobeki ezagutzeko bainan bada oraino lan. Ohargabean, gure ondoan segitzen baitu bizitzen, diskrezio osoz, nehor ohartu gabe, harrapari handia izanikan ere. Aurten segitua izan den bikotea horren adibidea da; hiri baten inguruan bizi daiteke hontz handia, baldin eta gogokoa duen eremu malkartsuaren bakea gizakiaren jarduerek ez badute eragozten.
Primaderako lehen aro ederrekin elurra urtzera doa mendialdean eta errexago izaten da mendizaleendako bortuetarako bidea hartzea.
Zonbait mendi guneetan aisialdietarako jin jende horien presentzia kaltegarria izan daiteke joan den negu hastapenean ugaltzen hasi diren ugatzentzat. Izan ere sasoin honetan sortzen dira xitoak eta bake osoa behar dute bikoteek uztail-agorril arte irauten duen kumealdia bururaino eramateko.
Ondorioz galdegiten zaie mendizaleei informazioa eskatzea eta ahal bada erreprodukzio guneetatik ez pasatzea tarte horretan. Saiak elkartearenganik eskura daitezke hainbat aholku eta gomendio.
Esku artean ditugun 2009ko lehen emaitzak ez dira onak, anitz bikotek ugalketa bertan behera utzia baitute iduriz. Halere, Nafarroa Beherean batez ere, iaz bezala, ugatz gazte baten airatzea ez ote dugun ikusiko menturan gaude. Beraz kasu eman otoi!
Xehetasunak :
Ugatzaren ugalketaren koordinatzailea Saiak elkartean: Jean Curutcharry
Uztaritzera eramana izan aitzin Tarbes herriaren ondoan artatua izan da. Biziki mehatua zen orduko (3,9kg pizatzen zuen 5-7kg-rn ordez) eta hipotermia egoeran zen. Ezkerreko patan atsesa handi bat bazuen. Ez da hausturik agertu erradiografietan eta antibiotoak emanak izan zaizkio. Uztaritzera heltzean 4,2 kg-ko pizua zuen. Momentukotz ezin da deus iragarri bere osasun egoeraz. Seguraski asteak iraganen dira ugatza airatuko denetz jakin aitzin.
Ugatz zauritu bat ez da jostagailu bat!
“Depêche du Midi” egunkarian argitaratu den argazki batek ugatza perfusiopean erakusten du, kaiola ideki batean, Florence Mathieu marexala ondoan duela (France 3 telebista kateak ere horrelako irudiak hedatu zituen). Zauritua izanikan ere xori hori basa egoten da beti eta horrelako egoerek eragiten dioten estressa azpimarratzekoa da.
Nahiz eta beharrezko iduritzen zaigun komunikabideek ugatzen egoeraz arduratzea, Saiak elkartekoek deitoragarritzat dugu xori hori molde horretan agertu izana prentsa aitzinean.
2008. urtea, urte beltza ugatzarentzat
Heriotzak Europan 2008an (xitoen heriotze-tasa kondutan hartu gabe):
3 Andaluzian (kanpotik Andaluziara ekarriak izan ziren gazteen artean ez zen 2006tik hona heriotzik zenbakitu)
3 Sardinian (kanpotik ekarri ziren hiru ugatz gazteak pozoindaturik aurkituak izan dira, askatuak izan eta bi hilabete berantago…)
1 Suitzian (gazte bat, berunarekin pozoindatua seguraski)
3 heldu Aragoian
2 heldu Katalunian
2 heldu frantse Pirineoetan
Orotara Pirineoetan 7 heriotze (6 heldu eta gazte bat) zenbakituak izan dira 2008an. Sardiniara ugatzak kanpotik ekartzeko prozesuak ezagutu duen porrotak eta Andaluziako edota Pirineoetako heriotze-tasa altuak argi erakusten dute, epe luzera, ugatzaren geroa zalantzan dagoela. Jakinez gainera ez direla hiltzen diren xorien kopuru mugatu bat baizik atxematen. Errealitatea dorpeagoa izan daiteke oraino…
Cookiak erabiltzen ditugu webgunean dagoen trafikoaren aztertzeko eta zerbitzu hobe baten eskaintzeko. | En poursuivant votre navigation sur ce site, vous acceptez l’utilisation de cookies nécessaires à son bon fonctionnement.Ok