
Sai zuriaren ugalketa Iparraldean
2010eko apiriletik ekainera Aurélien André ornitologo gazteak Iparraldeko sai zurien habiak bilatu eta ikertu ditu Saiak elkartearen kondu, langile gisa. Lan sakon honi esker espeziearen erreprodukzio guneen ezagutza anitzez hobetu da.

Saiak elkarteari buruzko bideo-erreportaia
www.kanaldude.org herri telebistak Saiak-ren aktibitatei buruzko bideo bat ekoiztu du, gure elkartearen 30. urtemuga kari. 20 minutako dokumentu eder hunek elkarrizketak eta naturan hartu irudiak poliki tartekatzen ditu. Arrosan kokatua den “Aldudarrak Bideo” elkarteko kide batzuen ekimenari esker ekoiztua izan da. Helburua Saiak elkarteak azken 30 urteotan eraman lanaren berri ematea zen, publiko zabalari pentsatuz bereziki. Bi hizkuntzatan (euskaraz eta frantsesez) egin elkarrizketa batzutan oinarrituz.

Hontz handia, ihiztari paregabea
Euskal Herrian atxeman daitekezkeen hontzetarik handiena dugu. Gaueko harrapakari honek mota askotako harrapakinak jan ditzake. Ikusmen ona du. Entzumen oraino hobea. Ihizin dabilalarik hegaldi isil eta apal bati esker harrapakinak ustegabean harrapatzen ditu. Honen lekuko interneten zabaldua den bideo eder bezain zoragarri bat…

Hontz handia Ipar Euskal Herrian
Saiak elkarteko kide batzuek hontz handi bikote baten erreprodukzioa ikertu dute 2009 urtearen hastapenean, Lapurdin. Ongi iragan den ugalketa honek Iparraldean nahiko ezezaguna den espezie honen hobeki ezagutzeko parada ematen digu.

Ugatzaren ugalketa errespetatu!
Ugatzaren ugalketaren segimendua aitzina doa Iparraldean. Lehen emaitzak ez dira hain onak. Ugatz bikoteak erreproduzitzen diren eremuetan adi egotea eta ahalik eta traba guttien eragitea aholkatzen die mendizaleei Saiak elkarteak, bereziki Nafarroa Beherean.

Beste ugatz bat kolpatua
Estaing herrian (Pirineo-Garaiak departamenduan) apirilaren 16an aurkitua izan den ugatza Uztaritzeko Hegalaldia artatze tokira ekarria izan da apirilaren 24an. Berriz ere beste berri txar bat espezie honen etorkizunari begira Pirineoetan.